2009-12-14

Sendagai Bila

Honako hau egin dugun azken lana da, ipuin lehiaketa batera aurkezteko.

Erle batek ziztatu izan balio; jaiki ote zitekeen hain azkar? Zer bururatu ote zitzaion, ba, hari bat-batean?

-Badakit zer egin dezakegun!- Hau esan eta mila hitz ulergaitz bata bestearen atzetik esaten hasi zen.-Ulertu al duzu?-Bukatu zuen.

-Bai, beno… Uste dut nekatuegi nagoela orain honekin hasteko, bihar egingo dugu, bai? Beranduegi da orain pentsatzen hasteko…

-Tira, beharbada Arrazoia daukazu, uste dut ordu larregi eman ditugula laborategi honetan sartuta. Eta hau esanda, bakoitza norbere etxera joan zen. Aitor oinez hel zitekeen, nik, ostera, autoa hartu behar nuen nahitaez, hiriaren bestaldean bizi bainintzen.

Aitor duela urte batzuk ezagutu nuen, nire kafetegira sartu zen batean. Beste mutil batekin sartu zen, liburu batez hitz egiten eta ni ere liburu bera irakurtzen nengoenez, elkarrizketan sartu nintzen, nire iritzia emanez. Nahiko jatorrak iruditu zitzaizkidan biak. Hurrengo egunean bazkaltzen gonbidatu ninduten. Ordutik aurrera, ia-ia egunero ikusten genuen elkar eta oso ondo ematen ginen hirurok. Handik hilabete batzuetara, Jon, hirugarren laguna, Alemaniara joan zen bizitzen, han lan hobea eskaintzen baitzioten eta honek Aitor eta nire arteko harremana estutu zuen, bere lagun mina galdu izan balu bezala sentitzen baitzuen.

Ikerketak batean lanean zebilen Aitor, minbiziaren aurkako sendagaien bila. Hain interesgarria iruditu zitzaidan non arratsaldeak berarekin igarotzen nituen laborategian sartuta eta nire mailakoak ziren lanetan laguntzen saiatzen nintzen, izan ere, nik ez daukat medikuntza arloan ideiarik ere. Bere garaian DBH juxtu-juxtu bukatzeko aukera bakarrik izan nuen.

Orduak eta orduak ematen genituen laborategi hartan sartuta. Ikerketan ez bazen, isildu gabe hitz egiten.

Behin, ni arratsaldeko bostak inguruan heldu nintzen laborategira eta bertan aurkitu nuen Aitor, irribarre zabal-zabal bat ahoan zuela. Ni, ez naiz ez medikua, ez biologoa eta, beraz, ez nituen hark esandako hitzak oso ondo ulertu eta ez dut azaltzeko ahalegina ere egingo, hitz zailetan, behintzat. Gutxi gorabehera, badagoela minbizia ahuldu dezakeen sendagairen bat, sendagai bat eta beste baten nahasketa arraroren batekin. Ni ere asko poztu nintzen berria entzutean, noraino zen garrantzitsua ondo ez nekien arren.

Goizaldeko hirurak ziren eta aulki deseroso batean eserita esnatu nintzen. Laborategian bertan hartu ninduen loak! Aitorrek bertan jarraitzen zuen lanean, lanparatxoa eta mikroskopioa aurrean zituela, koadernotxoan apunteak hartuz.

-Ze berandu den!-Esan nuen, etxera joateko aitzakia moduan.
-Joan zaitez zu, ni hemen geldituko naiz apur batean.
Nik banekien “apur batean” hori hurrengo goiza zela eta berriz ere etxera joateko iradokizuna egin nion.
-Ez dago presarik, horrek ere hor itxarongo dizut bihar, zoaz etxera.
-Zer?! Baina nor uste duzu zarela, zer egin behar dudan esateko? Aspertuta naukazu beti hemen plasta baten moduan inkordiatzen! Joan zaitez etxera eta utz nazazu hemen nire lanarekin bukatzen!
-Ongi.

Uste dut autoan sartu nintzen arte ez nituela berak esandako hitzak analizatu.Ez nuen horrelako erreakziorik espero. Nekatuta egongo zela eta ez zela esandakoaz ohartuko esan nion neure buruari ohean sartu eta loak hartu ahal izateko.

Hurrengo goizean bueltak eta bueltak eman nizkion gauean gertatutakoari. Aitorri, hitz haiek barru-barrutik atera zitzaizkion, beraz, egia izan beharko lukete. Eta argi utzi zidan dena: Ez zuen nitaz ezer gehiago jakin nahi. Baina harrigarria zen egunetik gauera izandako humore aldaketa, ba al zen posible? Gainera, hori al zen niri hitz egiteko modua? Eta gainera, barkamena eskatzeko ere ez zuen deitu! Hori bai aurpegia!

Lo gutxi egin nuenez, eguna nahiko nekagarria eta gogorra egin zitzaidan. Aitor, ni, bestea eta Aita Santuarekin ere haserretu nintzen egun hartan!

Egunak igaro ziren. Ez nengoen nire buruarekin gustura. Ikerketekin jarraitzeko gogoa nuen. Edo behintzat, hori sinestarazi nahi nion nire buruari. Barnean, banekien errudun sentitzen nintzela eta ezin nuela gehiago itxaron Aitorrekin hitz egiteko.

Buruari mila buelta eman ostean, laborategira joatea pentsatu nuen, bisita labur bat egiten. Atea jo nuen baina ez zegoen inor. Bai arraroa, pentsatu nuen. Mugikorrera dei egin nion baina “Apagado o fuera de cobertura” erantzun zidan betiko makinak. Kezkatzen hasia nengoen, Aitorrek beti baitzeraman telefonoa aldean. Telefono liburuxketan apur bat miatu ostean bere amaren telefonoa lortu nuen eta hark esan zidan non sartu zen: Ospitalean zegoen.

Noski! Nola ez nintzen ohartu, bada! Arrazoien bat edo beste egon behar zen sendagaiaren bila egiten zuen ahalegin guztiaren atzean. Bera zen minbizia zuena.

Ospitalera heldu nintzen ziztu bizian eta erizainekin apur batean borrokan egin ostean, lortu nuen bisitatzea. Asko sentitzen zuela ezer ez esatea kontatu zidan, negar batean. Ez zuela ni berataz arduratzerik nahi eta ikerketa utzi egingo zuela. Laborategia saldu egin zuen, hotzikarak ematen zizkiolako eta barruan zegoenean heriotza gertuago sumatzen omen zuelako. Nik, ostera, horren gaizki zegoen galdetu nion.

-Ez, biriketako minbizia daukat baina medikuek diote oraindik ez dagoela oso zabaldua, baina, hala ere, ez daukadala sendatzeko aukera. Uste dut ospitalea utziko dudala aste batean, gutxi gora behera.-Erantzun zidan berak.
-Lasai, nirekin bizitzera etor zaitezke, nik zainduko zintuzkedan.
-Benetan eskertzen dizut zure laguntza baina amarengana noa, berak ere pozik hartuko nau.
-Zerbait egin ahalko banu…
-Lasai, ondo dago, ahal izan duzuna egin duzu.

Kezkatuta joan nintzen etxera, betebeharrak egin izan ez banitu bezala. Planak, ordea, goitik behera aldatu ziren. Ospitaletik irten eta bi hilabetera ezkondu ginen eta elkarrekin bizi ginen. Aitorren bizitza ez zen luzeegia izan baina bizi izan zen aldia, pozik egoten lagundu nion. Uste dut hori zela niri egokitzen zitzaidan atala. Aitor joan osteko lehen hilabeteak nahiko txarto igaro nituen baina banekien gertatuko zela eta aurrera egin nuen. Laborategiko ikerketen berri ez nion inori eman, sendagai hartan pentsatzeak nolabait goibeldu egiten baininduen.

A gripearen beldurra


A gripea dela eta ez dela izuturik dabil mundu guztia baina dirudienez ez da espero bezain gogorra izan. Gobernuak egindako prebentzioak onak izan ote dira edo hauek gabe ere gripe delako hori ekidin ahalko genuke?

Nik ez dut gaiaz ezer asko ulertzen baina medikuengandik entzuna dut egoera ez dela inoiz aipatu bezain larria izan, gure estatuan behintzat. Asko exageratu dela eta lasaitu beharra dagoela.

Ez dut adituen lana zalantzan jarri nahi baina diotena benetan egia balitz gau eta egun egongo ginteke irrati eta teleistetan honen berri izaten. Badirudi Agripearen efektua “modaz pasatu” dela.

Betiko gripea A gripea baino gogorrago eta mingarriagoa dela ere diote batzuk, azken batean, A gripeak kontagiatzeko arriskua da duen arazo larriena, airez eta erraztasun handiz transmititzen baita.

Beste alde batetik, ordea, gaia oso erakargarria izan da kazetarien munduan, jakin mina ere piztu digulako nonbait.

Nire ikuspuntutik, prebentzio gehiegi prestatu dira. Ez dut hori txarto dagoela esan nahi, baina bai izutu nahi gaituztela dirudiela. Denok gaude inoiz helduko ez den epidemia horren zain. Hilgarria eta oso larria dela egia izan daiteke baina hor daude sasoi betean milaka eta milaka pertsona, gaixotasun honen menpe egon ostean.

Irakurri dut datorren hilaren hamaseirako txertoak jartzen hasiko direla baina uste dut horrenbeste zer esan eta beldur sortu dituen birus hau urtearekin batera joanen dela.

2009-12-09

Beti Istorio Bera



Argi eta garbi trafikoaren kontua egunerokoa da. Gure hiriak kotxez, autobusez eta ibilgailuz beterik daude. Badirudi dagoeneko hor finkaturiko zerbait dela, bueltarik gabekoa. Jende askoren buruan ez da sartzen desagerrarazteko “boterea” gure esku dagoela.

Azken urteotan gero eta ugariagoa da trafikoa mundu osoan zehar aurki ditzakegun edozein hiri edo herritan. Hala eta guztiz ere herrialde aberatsek askoz ere gehiago kontsumitzen dute. Hor daude hori frogatzen duten datuak. Ibilgailu mugimendu hauek hiria bizi-bizi dagoela adierazten dute baina, ona al da hau?

Baina honen guztiaren gainetik hiritarren kexak daude. Trafikoa dela eta ez dela. Oinezkook kokoteraino gaude horrenbeste kotxe, kamioi eta autobusekin. Ez daukagu duela urte batzuk geneukan lasaitasuna kaleetatik ibiltzeko: horrenbeste trafikok sorrarazten duen zarataz gain, norberaren segurtasun falta ere nabaria da. Udaletxeek ere zerbait egin dezakete baina ez da aski. Hau hiritarrok konpondu beharreko arazoa da.

Nire ustez, trafikoa kontrolatu beharra dago, horrela hasten jarraituz gero guztiok erotu gaitezke zarata eta zikinkeria guzti horri esker. Kotxea gutxiago erabiltzen saiatu behar gara gu ere.

Kutsaduraren kontua ere gero eta kezkagarriagoa eta larriagoa da. Hirietako industriek nahikoa kutsatzen dute trafikoaren ke eta hondakinen laguntzarik gabe ere. Lurraren arazoak konpontzeko gai ez gara eta gainera txarrera egiten jarraitzen dugu.

Uste dut trafikoa hirietan geldiarazi edo murrizteko ordua heldu dela, zerbait egin behar dugu.


2009-11-20

Bloga berrerabiltzen


Aupa!
Beno, aurton 2009/10 kurtsorako Josebak Blog berri bat zabaltzeko eskatu digu baina batzuk pasadan urtekoa berrerabiltzea erabaki dugu. Ikus dezakezuenez, ni horietako bat naiz.

Beste barik,

Ianara

2009-05-15

Iparraldeko kontuak

Duela hilabete batzuk Iparraldean egon ginen, Ikabil programa zela eta.
Trukaketa programa bat da; abenduan neska-mutil frantsesak gure etxeetan egon ziren eta oraingoan gu joan gara Iparraldera.

Goizeko hamaikak inguruan Baionara heldu, bazkaldu, eta Ezpeletara abiatu ginen. Herri txiki bat da eta hori bisitatzeko astirik izan ez genuen arren, Antton txokolate fabrikara bisita bat egin genuen.
Hemen bukatu bezain laster, Donibane-Garazira joan ginen non aisialdi gehiago izan genuen. Nik uste nuen herri hori zertxobait handiagoa izango zela, behintzat, Zornotzaren parekoa. Baina ez, 1500 biztanle inguru dituen eta garrantzi historikoa duen herri txiki bat da. Erdigunea bost ate dituen harresi batez inguratuta dago eta bertan hainbat esposizio daude.
Arrastiko seietarako, ¬haientzako iluntzea ziurrenik, Baionan geunden eta bakoitza norbere trukakidearen etxera joateko ordua heldu zitzaigun. Nire trukakidea oso atsegina zen eta ni gustura egon nintzen berarekin, gutako gehienok bezala. Afaldu baino lehen kalera irteten ginen elkarrengandik gertu bizi ginen hiru-lau.

Hurrengo egunean guztiok elkartu ginen lizeoan eta gizon batek azaldu zizkigun sorgin istorioak. Bere euskara gurearekiko desberdina zenez, ez zen horren erraza ondo ulertzea. Hizlariak bukatu bezain laster bertso saio atsegin bat izan genuen lizeoan bertan. Bertsolariak beste lizeo batetik etorritako gure adineko lau mutil ziren. Emanaldiaren ostean Lizeoko kafetegian bazkaldu genuen, buffeta eta guzti zeukan, institutuko jantokiarekin konpara ezina zen. Arratsalde hura libre geneukan, nahi genuena egiteko. Lerraketan (patinatzen) joateko aukera izan genuen baina autobusekin ordutegi arazo txiki bat izan genuen eta ez zen posible izan. Hala eta guztiz ere, primeran egon ginen hondartzan ilundu zuen arte. Gehienok hondartzan bertan zegoen McDonald's batean afaldu genuen eta ordu pare bat egon ostean, etxera joan ginen.

Bigarren gaua igaro ostean berriro ere lizeoan elkartu ginen guztiok Bassilourreko errota eta Donibaneko baratze botanikoa bisitatzeko. Bassilourreko errotan ez ginen luzaroan egon, ez baitzen oso handia baina baratze botanikoan, aldiz, joko bat eta guzti egiteko astia izan genuen.
Ordu batak inguruan familiek txangorako prestaturiko bazkaria jan genuen eta arratsaldez Zugarramurdiko kobak ikusten joan ginen. Kobez gain, Euskal mitologia eta sorginei buruzko bitxikeriez beteta zegoen museo bat bisitatu genuen.
Gau horretan ere afari bat izan genuen, ofizialagoa, nolabait esatearren. Baionan zegoen txoko antzeko batera eraman gintuzten eta bertan jai bat prestatuta izan zuten.

Gero gauean berandu etxeratu ginen, baina hala eta guztiz ere, hurrengo goizean goiz jaiki ginen 8:30etan. Mirenek, Iparraldeko euskera irakasleak, emandako fitxak zuzendu genituen. Handik ordu batera Baionako museo bat ikusten joan ginen, bertako historia azaltzen zuena.
Azken jarduera bukatu eta gero berriz ere lizeora abiatu ginen bazkaltzen. Tripa bete ostean prest geunden aste osoan zehar izandako eguraldi ona atzean utzi eta berriro ere etxera bueltatzeko.


Ondo pasatzeaz gain eta lagun berriak egiteaz gain, bidaia hori euskara praktikan jartzeko izan dela gogoraraziko dut. Iparraldean hizkuntza horren erabilera baxua kontsideratuko nuke, zaila baita euskera kalean entzutea eta ikasterako orduan ere ez dela erraza aukera hori izatea. Ikastetxe gehienetan ez dute euskararik irakasten.

Hala ere gustatu zait esperientzia berri hori eta aukera izanez gero, gustatuko litzaidake datorren urtean errepikatzea.

2009-05-13

Gure azken egunak

Beno, hemen uzten dizuet "Ura, altxor preziatua" gaitzat hartuta lehiaketa baterako egindako idazlana. Espero dut zuen gustukoa izatea :)

Munduaren amaiera ote zen? Hala zirudien behintzat. Bagenekien inork ez zuela bizirik iraungo eta zientzialari guztiek buruan zerbait bazuten ere, ezinezkoa zen horien proiektuak martxan jartzea. Hain geurekoi bihurtu ginen, non bakoitza norbere buruaz eta familiaz bakarrik arduratzen ginen, gizarte bat salbatzeko nahiari uko eginez. Ordurarteko zibilizazio guztiak hautsa besterik ez ziren, gizartea desagertu egin zen. Ez genuen ahalmenik ordurarte bezala guztia kontrolatzeko, ez genuen ahalmenik. Geneukana suntsitu genuen. Zer etorriko zen hurrengo?

Etxeko ur instalazio guztiak suntsiturik zeuden, etxeak ez ziren etxe; dendak guztiz hutsik zeuden eta kaleetan zaila zen norbait aurkitzea aurpegi alaiez, irribarre egiteko gogoz. Arima guztiak nonbait ezkutatu ziren eta bizitza bizitzeko gogoa zuten haiek haien buruaz beste egin zuten. Industrian erabilitako gehiegizko urek, egunero alferrik galdutako litroek, lurraren tenperaturaren igoerak, gehiegizko kutsadurak eta beste hainbat faktorek, nola edo hala, uraren zikloa pausatu omen zuten eta ez dakit zehazki nola baina ura desagertuz joan zen. Errekek erreka izateari utzi zioten; Kontinenteek lurrak handiagotu zituzten, ozeanoen murrizketa izugarria zela eta. Hainbat eta hainbat animalia eta landare espezie desagertzen ari ziren aspaldi bukatu ez baziren. Lurraren min oihuak bukatzen ari ziren, hiltzear zegoen.

Batzuk ezin genuen sinetsi gertatzen ari zena, beste batzuek ez zuten sinetsi nahi: munduan uraren azken egunak ziren. Entzunak genituen: etxeko txorrotak ondo itxi behar dira; dutxa hartu, ez bainatu; eta ura alferrik ez galtzeko adierazten ziguten hainbat mezu gogaikarri. Baina ez ginen ohartzen zer geneukan eskuartean. Ordura arte soberan zegoen eta lurrari bizitza ematen zion balio gabeko substantzia hura urre bihurtu zen. Denok genbiltzan azken ur tantaren bila eta ez zuen axola beragatik ordaindu beharrekoak. Urak zuen garrantziaz ohartu ginen, jada berandu zen arren.


Fikziozko gertakizun hau edo antzeko zerbait benetan gertatuz gero, lurrean bizitza bukatuko litzateke. Guri esker, noski. Munduan dagoen uretik % 2’8 geza da eta %0’01 bakarrik dago gure beharrentzat. Aipatutako portzentaiaren gainerakoa %2’79, glaziarretan edo poloetan izoztuta dago edo nekazaritza ustiapenerako erabiltzen da. Ura aurrezteko ematen dizkiguten kontseiluak baliagarriak eta jarraitu beharrekoak zaizkigu.
Ez gara ohartzen ura behar bezala erabiltzen ez dakigula, gure kontsumoaz arduratu beharko ginateke. Hainbat eta hainbat litro ur galtzen dira egunero gure erruz eta horrela jarraituz gero, egoera txarrera bakarrik joango da. Urak duen balioaz eta jasan dezakegun egoera larriaz kontzientziatu behar gara.



Gure eskuetan dago. Ura gure altxor preziatua da.

2009-03-23

Iritzia: Aldaketa biogenetikoak

Aldaketa biogenetikoei buruzko iritzia.

Fenomeno honek zientzian izugarrizko iraultza sorraraziko duela dirudi. Zientziaz gain, beste hainbat komunitatek parte hartzen dute gure etorkizunean espazio berri bat sortu dezakeen guda honetan.

Aldaketa genetikoek haur bat jaio baino lehen, ADN-an eraldaketa bat suposatzen du. Lehenago ere egin izan da animaliekin baina pertsonengan egiteak gatazka gehiago dakartza.

Argi dago hainbat gaixotasunengandik salba gaitzaken mirari honek mesede egingo digula. Baina, nork ziurtatzen digu ez zaiola erabilera txarrik emango? Nire iritziz gai hau, zientzialarien azterketak bukatu bezain laster, medikuen eskuetan utzi beharko genuke, hauek baitira gure osasunaz arduratzen direnak. aurrerapen hau edonoren esku uztea, ez da ideia ona, guztiok gure seme-alaben ezaugarriak aldatuz gero, pausu bat atzera ematen galaraziko zigun belaunaldia sortuko baikenukeen. Izan ere, ama zelulak organo guztien ezaugarri aldaketa errazten digu eta giltzurrunaren forma aldatzen dugun legez, begien kolorea, ilearen distira edo hortzen tamaina alda genezake.

Aste honetan bertan, telebistan agertu da metodo honi esker salbatu den mutiko baten kasua. Izugarrizko polemika sortu du sendagaiak: Elizaz gain, honen aurka dauden erakundeak ere sortu baitira. Nik uste dut, gaia aste pare bat jorratu ostean, urte batzuetan ahaztuta geldituko del, kritika ugari jasoz baina erabaki bat hartu ezinik.


2009-03-22

Iritzia

Nahikoa al da polita izatea telebistan agertzeko?


Bai, hau dugu erantzuna. Argi dago aurpegi polit bat askoz ere erakargarriagoa dugula, hau da, entzule edo hobeto esanda ikusle guztiok menpean hartuko gaituen zer edo zer, begiak telebistara josirik utziko dizkiguna. Eta, ez al da hau telebista kateek nahi dutena? Hau nahi dute, bai, baina guk, ikusleok, eskatzen dugulako. Haiek gure eskakizuna onartu eta eskaini besterik ez dute egiten. Aurpegi polit eta lirain eta gorputz perfektuak ikustea dugu guztiok gustuko, ez al da hau egia?

Ziurrenik, lege hau inork ezarri ez balu gaur egun bizi garen moduan edo are hobeto biziko ginateke, gezurretakoak diren eta dirudienez, jarraitu beharrekoak diren eredurik gabe.

Telebista “munduan” sartu nahi izanez gero, ate gehiago izango ditu zabalik pertsona eder batek ezaugarri hau faltan duen batek baino, arrazoi honegatik aurkitzen ditugu gure pantailak Brad Pitt-ez gainezka.

Gauero berriak ematen dituzten gizon emakumeek, kazetaritza karrera batez gain, kilo-bete makillaje soinean daramate. Inteligentetzat dauzkagun hauek ere liraintasunaren bila dabiltzala dirudi. Nolabait esateko, polita izanez gero, ez duzu arazorik izango, eta ez bazara, geuk egingo zaitugu.

Gainera, zein telebista katek nahiko luke irudi txar bat aurkeztu lodiegi dagoen aurkezle bat erakutsiz edo antzerako “arau”-renbat hautsiz? Bizitzak nolabaiteko “glamourra” izan behar omen du eta guztia izan behar da perfektua, eratsi nahi zaigun bezala.
Azken batean, lehen azaldu dudan legez, telebista begietatik sartzen zaigu eta erakargarria izan behar du bertan aurkitzen dugunak. Horren erakargarria, ze, orduak emango ditugula honen aurrean.

2009-02-19

Bizitzan behin gertatzen denetakoa

Orduan korrika hasi zen, tximista bezain arin. Ez nukeen harrapatuko harrapatu nahi izan banu ere, hala ere korrika jarraitzen nuen beraren atzetik, momentu hartan korrika nenbiltzala ere ahaztu zitzaidan. Neure buruak beste zerbaiti buruz pentsatzera bultzarazten ninduen.

Esnatu eta beti bezala lanera joan nintzen, bertan kafetxoa hartu eta norbait nigatik galdezka agertu arte neure bulegoan lasai-lasai egon nintzen. Ez luzaro. 9ak baino lehen bazegoen mutil gazte bat atean ea objektu galduen tokira inork betaurrekorik eraman zuen jakin nahian. Ezetz erantzun nion eta beste barik, alde egin zuen.

Handik gutxira beste emakume bat sartu zen bertan, 35 urte izango zituen gutxi gora-behera, neure antzera. Ile gorri, luze eta kirruduna zeukan. Bere aurpegian zabal-zabalik begiratzen zidaten bi begi argi eta handi nabarmentzen ziren. Edonork etxean egoteko erabiliko zukeen txandal zahar bat zeraman soinean. Estu eta larri zetorren eta ni zer gertatzen zitzaion asmatu ezinean nenbilen. Jasandakoa azaldu zidan: Bere ama ohetik jausi omen zen eta ezin zen bere onera etorri. Biak bakarrik bizi zirenez, ez zuen jakin nora joan. Udaltzaingo ofizinaren gainean bizi zen eta atoan bildu nituen lauzpa-bost pertsona Josefi igogailurik gabeko erakineko 4. pisutik jaisteko.Nik bitartean ambulantziari deitu nion eta ospitalera laguntzea nahi al zuen galdetu nion ilegorriari. Berak baietz erantzun zidan.

Oso urduri zegoen eta nik arazorik gabe uler nezakeen hori baina hala eta guztiz ere jakin-mina piztu zitzaidan nire lantokitik hain gertu bizi zen emakume eder hura nor zen jakiteko. Maider zen bere izena eta berria zen herrian. Zuela bi hilabete bere mutilagunak utzi egin zuen eta bere bizimodua aldatzea erabaki zuen. Badirudi horregatik utzi zituela hiria eta bulego-lana alde batera. Beste barik hitz egiteari utzi genion eta erizainari galdezka hasi zitzaion Maider. Laster heldu ginen bertara eta ordu pare bat egon ginen zain itxaron gelan. Bakoitza aldizkari bat eskuan zuela, hau irakurri gabe burua bueltaka eta bueltaka bitartean ari zen.

Gu ohartu gabe, medikua etorri zitzaigun. Josefi pare bat egun ospitalean geratu beharko zela esan zuen, oraindik ez baitzeukaten argi arazo larririk bazuen edo ez. Hau guztia Maiderri pribatuan azaldu zion baina berak ospitaletik irten bezain laster kontatu zidan behin eta berriz nire laguntza eskertuz. Ezer egin ez nuela kontsideratzen nuen arren nire mugikor zenbakia eman nion besterik behar bazuen dei egin zekidakeela argi utziz. Atsegina iruditu zitzaidan bat-baten agertutako emakume hura.

15 minutu inguru igarotakoan heldu zen autobusa hartu eta etxera bueltatu ginen biok. Orduantxe pasatu zitzaidan burutik ni ospitalean nengoen artean munduak biraka jarraitu zuela. Nik lanean egon behar nuen ordu hartan, dagoeneko bi ordutik gora baineramatzan nire bulegotik kanpo. Hor hasi ziren ba arazoak. Ni kanpoan nintzela pare bat dei izan nituen, ez oso garrantzitsuak, hala eta guztiz ere, burukomina ematen zuten horietakoak. Ohartu baino lehen baziren eguerdiko ordu biak eta Mikel eta biok tabernara hurbildu ginen eguneroko menua jatera.

Lanera itzulitakoan “benetako” udaltzaingo lana egitea tokatu zitzaidan, haurrak izan garenean guztiok gogoko izan dugun lan hori: Isunak jarri, gaizkileak atxilotu, justizia babestu. Era honetan esanda badirudi dibertigarria izan daitekeela, eta bai, horrela da, baina lehen egunean besterik ez, gauza guztiak bezala. Kotxean bueltaka ibili ginen arratsalde guztian zehar. Iluntzean, ordea, 7ak aldera abisu bat jaso genuen. Bitxidendan lapurreta! Norbaitek lapurra ikusi zuen korrika neguko kale ilunak zeharkatzen eta Mikel gidari zela, bertara bideratu ginen. Egia zen guztia, bertan zegoen lapurra eta ezin nuen ulertu zergatik egin ote zuen hori, argi baitzegoen harrapatu egingo genuela.

Orduan korrika hasi zen, tximista bezain arin. Ez nukeen harrapatuko harrapatu nahi izan banu ere, hala ere korrika jarraitzen nuen beraren atzetik, momentu hartan korrika nenbiltzala ere ahaztu zitzaidan. Neure buruak beste zerbaiti buruz pentsatzera bultzarazten ninduen.

Berriro ere neurera etorrita nengoela, ohartu nintzen mutil gazte hark gure aurpegiaz barre besterik egin nahi ez zuela eta aurpegia estalita zeraman arren, ez zela zaila izango berak harrapatzea. Korrika egiteari utzi nion eta Mikelek autoaz ziztu bizian harrapatu zuen.

Dagoeneko ohean nengoela, Maiderrek berriz ere deituko ote zidan galdetu nion neure buruari. Besterik ez bazen bulegoan bisitatxoren bat izango nuen esperantza neukan. Gau hartan ederki egin nuen lo, nekatuta bainengoen izandako eguna eta gero. Hurrengo goizak ere ez zuen ezer berezirik ekarri berarekin, ostirala zirudien ostegun bat soilik zen, eta ni, jai izateko gogoa zuen langile gizagaixo bat.

Kafea hartu orduko telefonoak jo zuen, mugikorrak. Maider zen eta ni bere deiaren zain nengoen. Eskerrak deitu zidala, horrela izan ezean inork ezin izango ninduelako minutu bat bera ere jasan. Ospitalera joateko asmoa zuela azaldu zidan eta autorik ez zuela eta, ea bera eraman nezakeen. Onartu beharra daukat aitzakia nahikoa txarra zela, berak bazekielako autobusez nola heldu. Beste momentu batean bera ospitalera laguntzeko arazorik izango ez nuela erantzun nion baina ezin nuela berriz ere lanera goiz oso bat faltatu. Orduan berak, eskaeraz damututa balego bezala baxuago hitz eginez, barkatzeko eskatu zidan, uler zezakeela nire arazoa. Hau entzundakoan, batek daki zergatik, errudun sentitu nintzen eta arratsalde hartan joatea proposatu nion. Pozez onartu zuen.

Bazkaldu eta gero bulegorantz bueltan nindoala Maider aurkitu nuen atean zain, ospitalera joateko pozik eta apur bat urduri aldi berean. Suposatzen dut, niri ezer esan ez zidan arren medikuari dei egingo ziola bere ama nola zegon jakiteko. Ez ginen luzaro egon ospitalean: Medikuarekin batzartu, alde batetik bestera saltoka zebilen Josefi batu, paper pare bat sinatu eta baginen bueltan.

Ostirala ere heldu zen. Dagoeneko asteburu usaina zekarren. Neure buruari benetan neure ausardia noraino hel zitekeen erakusteko asmoz mugikorra hartu eta Maider larunbatean neurekin afaltzera gonbidatu nuen. Banekien erantzuna zein izango zen, baina neure sorpresarako, ez nuen asmatu. Gauzak ez ziren nik espero bezala joan. Ez zen etorri.

Zortzi egun igaro ziren, nire bulegoan nengoen eta atea jo zuten. Maider zegoen atean, oraingo honetan berak gonbidatu ninduen afaltzen. Esan zidanagatik, lehengoan ezin izan zen afaltzen etorri bere ama ospitaletik etorri berri zegoela-eta bakarrik utzi nahi ez zuelako. Primerako gaua izan zen hura.

Maider eta ni bikain moldatzen ginen eta handik hilabete batera elkar maite genuen. Ez zen denbora asko igaro bere amak utzi gintuen arte eta honek gure harremanak are gehiago estutu zituen.

Orain goizero altxatzen naiz, mahaia prestatzen dut, begi argidun ilegorri bat aurrean dudala gosaltzen dut, gure etxe berria herritik pixka bat urrun dagoela-eta autoz lanera hurbiltzen nau eta larunbat goizetan txango ederrak egiten ditugu.

2009-01-29

Olatzi eskutitza

Beno hemen utziko dizuet lehenengo ebauaketan Euskeran idatzi beharreko eskutitza, deskribapen bat barne duelarik. Ea zuen gustokoa den :)


Aupa Olatz!

Nola zaude? Uda osoan ez gara ikusi eta suposatzen dut gauza asko izango dituzula niri kontatzeko. Nik zuri behintzat bai! Zornotzako jaietan bikain pasatzeaz gain beste hainbat gauza interesgarri ere egin ditut.

Ingalaterrara joan naiz uda honetan, ingelesa ikasteko asmoz, eta primerako egonaldia izan dut! Jendea oso atsegina da eta lagun asko egin ditut, toki askotakoak: Frantzia, Alemania, Ukraina, Txina, Italia, Suitza… Dena den, hemengo jendearekin ere egon naiz, ez pentsa gau eta egun ingelesez hitz egiten ibili naizenik burua lehertu arte!

Bereziki, lagun batez hitz egin nahiko nizuke. Nire Ingalaterrako lagun-mina izan dela esan dezaket. Alemaniarra da, alemaniar neska tipikoa. Ilehoria, Barbien antzeko koloreduna; begi argiduna, begi urdin berdexkak oker ez banago; eta altua,ez ni baino asko baxuagoa. Ezin dut argala denik esan baina lodia denik ere ez. Janzkera aldetik, egia esan, ezin dizut argi deskribatu, Ingalaterran denok baigeneraman txandala edo arropa erosoa, beste barik. Oso pertsona ona da, ezagutu dudan onenetarikoa. Arazoren bat izan dudan bakoitzean beti egon da laguntza emateko prest. Bere izena Santana da, pixka bat arraroa, bai. Beharbada, Santana abeslari Mexikarragatik ezaguna egin ahal zaizu.

Bere izaeraz gehien gustuko dudana bere iritzia defendatzen dakiela da eta gutxitan atsekabetzen dela egindakoaz, hau da, beti aurkitzen die irtenbideren bat arazo edo huts egiteei. Izan ditugu hainbat pasarte non hau erakutsi didan.

Hilabete bat eman dut berarekin, etxe berberean bizitzen, beste lauzpabost neskarekin batera. Gure amonatzat hartu dugun andere baten etxean, oso ondo zaindu baikaitu. Zeu ere joan beharko zinateke atzerrira aldi on bat izaten, atsegingo duzu, ziur nago!

Hain lagunak egin gara ze, Alemaniara ere gonbidatu nau! Berak ere badaki nire etxean ongi etorria dela eta beharbada kurtso bukaeran bisitatxoren bat egingo dit, egonaldi labur baterako. Suposatzen dut zuk ere ezagutu ahal izango duzula. Orduan egiztatuko duzu ea nik esandakoa egia den!

Musu pila,

Zure laguna, Ianara ; )