2009-05-13

Gure azken egunak

Beno, hemen uzten dizuet "Ura, altxor preziatua" gaitzat hartuta lehiaketa baterako egindako idazlana. Espero dut zuen gustukoa izatea :)

Munduaren amaiera ote zen? Hala zirudien behintzat. Bagenekien inork ez zuela bizirik iraungo eta zientzialari guztiek buruan zerbait bazuten ere, ezinezkoa zen horien proiektuak martxan jartzea. Hain geurekoi bihurtu ginen, non bakoitza norbere buruaz eta familiaz bakarrik arduratzen ginen, gizarte bat salbatzeko nahiari uko eginez. Ordurarteko zibilizazio guztiak hautsa besterik ez ziren, gizartea desagertu egin zen. Ez genuen ahalmenik ordurarte bezala guztia kontrolatzeko, ez genuen ahalmenik. Geneukana suntsitu genuen. Zer etorriko zen hurrengo?

Etxeko ur instalazio guztiak suntsiturik zeuden, etxeak ez ziren etxe; dendak guztiz hutsik zeuden eta kaleetan zaila zen norbait aurkitzea aurpegi alaiez, irribarre egiteko gogoz. Arima guztiak nonbait ezkutatu ziren eta bizitza bizitzeko gogoa zuten haiek haien buruaz beste egin zuten. Industrian erabilitako gehiegizko urek, egunero alferrik galdutako litroek, lurraren tenperaturaren igoerak, gehiegizko kutsadurak eta beste hainbat faktorek, nola edo hala, uraren zikloa pausatu omen zuten eta ez dakit zehazki nola baina ura desagertuz joan zen. Errekek erreka izateari utzi zioten; Kontinenteek lurrak handiagotu zituzten, ozeanoen murrizketa izugarria zela eta. Hainbat eta hainbat animalia eta landare espezie desagertzen ari ziren aspaldi bukatu ez baziren. Lurraren min oihuak bukatzen ari ziren, hiltzear zegoen.

Batzuk ezin genuen sinetsi gertatzen ari zena, beste batzuek ez zuten sinetsi nahi: munduan uraren azken egunak ziren. Entzunak genituen: etxeko txorrotak ondo itxi behar dira; dutxa hartu, ez bainatu; eta ura alferrik ez galtzeko adierazten ziguten hainbat mezu gogaikarri. Baina ez ginen ohartzen zer geneukan eskuartean. Ordura arte soberan zegoen eta lurrari bizitza ematen zion balio gabeko substantzia hura urre bihurtu zen. Denok genbiltzan azken ur tantaren bila eta ez zuen axola beragatik ordaindu beharrekoak. Urak zuen garrantziaz ohartu ginen, jada berandu zen arren.


Fikziozko gertakizun hau edo antzeko zerbait benetan gertatuz gero, lurrean bizitza bukatuko litzateke. Guri esker, noski. Munduan dagoen uretik % 2’8 geza da eta %0’01 bakarrik dago gure beharrentzat. Aipatutako portzentaiaren gainerakoa %2’79, glaziarretan edo poloetan izoztuta dago edo nekazaritza ustiapenerako erabiltzen da. Ura aurrezteko ematen dizkiguten kontseiluak baliagarriak eta jarraitu beharrekoak zaizkigu.
Ez gara ohartzen ura behar bezala erabiltzen ez dakigula, gure kontsumoaz arduratu beharko ginateke. Hainbat eta hainbat litro ur galtzen dira egunero gure erruz eta horrela jarraituz gero, egoera txarrera bakarrik joango da. Urak duen balioaz eta jasan dezakegun egoera larriaz kontzientziatu behar gara.



Gure eskuetan dago. Ura gure altxor preziatua da.

No hay comentarios: