2010-05-15

Unairen kontuak




Frantses klaseetatik irten berri zen Unai. Apirileko egun euritsu gogaikarrietako bat zen hura. Mutil gaztea zen Unai, lotsatia eta isila. Ez zuen bere bururaz hitz egiteko gaitasun edo, hobe esanda, ausardiarik. Bere burua koldartzat ez zuen arren, gainerakoek honela ikusten zuten. Gainera, bere itxurak pentsamendu hori areagotzen laguntzen zuen. Argal-argala zen, ia ikusezina eta begi urdin liluragarriak zituen arren, hauek bere begiradan galtzen ziren. Honez gain, Unai oso zintzoa zen bere ingurukoekin. Hala eta guztiz ere, ama ez zegoen guztiz harro bere semeaz. Amak argi zuen bere mutikoa esnatu ezean, bidean galdu behar zela.

Unaik, aldiz, bazuen maite zuen eta bere burua jaun eta jabe bihurtzen zuen alor bat: pintura. Hemen ez zegoen bera gaindi zezakeen inor, bazirudien bere margoek izaera ere aldatzen ziotela.

Iluntze hartan, beraz, Frantses klaseetatik irten berri, etzerantz abiatzen zihoan. Atea ireki orduko, mailartetik usain zezakeen afaltzeko zuten laban eginiko lasagna, bere platerik gustukoena eta arraro egin zitzaion astearte arrunt batean honelako jaki bat zain izateak.

Laurak afaltzen zeudela, aita, ama, Unai eta Maite, amak berria askatu zuen. Unaik ezin izan zuen sinetsi amak nolatan egin zion halakorik: Parisera arte ederrak ikastera joateko beka bat lortu zuen berari ezer kontsultatu gabe eta jadanik dena zegoen egina, ezin zitekeen bueltatu. “Bada bizkortzeko garaia, toki berriak ikusiko dituzu, lagun berriak egin… gainera, ikasle gehiagorekin biziko zara eta horri esker gauza asko ikasiko dituzu!” errepikatu zion amak gutxienez bost aldiz. Unaik ez zuen tutik esan, ez behintzat esaldi oso eta zentzuzkorik eta afaria bukatutakoan bere gelara joan zen. Laster joan zitzaion Maite, bera baino nagusiago eta, beraz esperientzia-tuagoa, animatzen. Berak horrelako aukerarik izan balu batxilergoa bukatzerakoan ez lukeela inola ere ezetz esango azaldu zion Unairi.

Oraingoan bai ez zegoela bueltarik, hegazkina aireratzera doa entzun berri zuen eta ohartu zenerako Parisen zegoen, kurtso berriari aurre egiteko prest baina aldi berean pixka bat beldurturik.

Karla, Miguel eta Jane ezagutu zituen, berarekin biziko ziren hiru gazteak, jada urtebete Parisen bazeramatenak eta berarekiko abantaila zutenak elkarbizitzari zegokionez. Unaik, etxetik irteten oso ohitua ez zegoenak, ez zuen honelako errezibimendurik espero: hirurak oso jatorrak ziren, Karla eta Jane lagun Ingelesak eta Miguel, aldiz, mutiko Madrildarra. Etxean zegoen margo kopuruak etxeko apaindura gogorarazi zion eta gauez negar apur bat egin zuen arren bere habiatik urrun sentitzen zelako, laster moldatu zen girora.

Saltsa berrian sartuta. Unaik beste bat zirudien: ikasketak bikain zeramatzan, beti bezala; lagun pila egin zituen eta, gainera, piloa ligatzen zuen orain! Azken hau izan zen, ordea, arazoak sortzen hasi zitzaiona.

Karlak Unai maite zuen baina bazirudien Unaik ez zuela begirik berarentzat. Primeran ematen ziren baina hor bukatzen zen dena. Beraz, egun batean Karlak aitortu egin zion sentitzen zuena. Unaik Karlak erakutsi zuen eta berak ez zuen ausardia baloratu eta egun hartatik aurrera elkarrekin irteten hasi ziren.

Unai konturatu baino lehen kurtsoa bukatu zen eta kurtsoarekin batera, beka. Amak ez zuen nahikoa diru gastu guztiak ordaintzeko, gainera, onena Unai etxera itzultzea zela erabaki zuen, Gabonetan ere ez baitzuen ikusi.

Bueltan, amak inoiz baino goibelago ikusi zuen Unai. Errudun sentitzen zen kanpora bidali izanagatik. Orain ez zuen bere semea ezagutzen. Berak ezagutzen zuen Unai lotsati eta beldurtia zen, baina ez zen inoiz goibel egoten. Bazirudien larria zela Unairen arazoa, hainbat denbora igaro ostean, ez baitzen alaitzen. Beraz, amak medikuarenera eramatea erabaki zuen.

Mediku edo, hobe esanda, psikologoak, depresio bat zuela azaldu zion amari baina errekupera zitekeela, ingurugiroz aldatuz gero.

Momentu hartantxe ohartu zen ama Unairen arazoaz. Unaik ez zuen inoiz izan erabakiak bere eskutik hartzeko aukera, beraz, ez zuen inoiz erabateko zoriontasuna lortu. Parisen, aldiz, benetan aske sentitu zen eta huraxe hartu zuen bere buruan ingurugirotzat.

Gauzak okerrera joan baino lehen, amak Unairen esku utzi zuen bere bizitza igaro bahi zuen tokia. Handik gutxira Unaik Parisera alde egin zuen, bueltatzeko asmo gutxirekin, margo eta arte munduan bere bizitza finkatzeko asmoz.


2010-02-10

Haiti

Hona hemen bigarren ebaluaketan egindako ahozkorako erabili nuen Power point-a.
Ahozkoan Haiti herrialdeari buruz eta duela gutxi bertan izandako hondamendiari buruz hitz egin nuen.

Haiti
View more presentations from Inr93.

2009-12-14

Sendagai Bila

Honako hau egin dugun azken lana da, ipuin lehiaketa batera aurkezteko.

Erle batek ziztatu izan balio; jaiki ote zitekeen hain azkar? Zer bururatu ote zitzaion, ba, hari bat-batean?

-Badakit zer egin dezakegun!- Hau esan eta mila hitz ulergaitz bata bestearen atzetik esaten hasi zen.-Ulertu al duzu?-Bukatu zuen.

-Bai, beno… Uste dut nekatuegi nagoela orain honekin hasteko, bihar egingo dugu, bai? Beranduegi da orain pentsatzen hasteko…

-Tira, beharbada Arrazoia daukazu, uste dut ordu larregi eman ditugula laborategi honetan sartuta. Eta hau esanda, bakoitza norbere etxera joan zen. Aitor oinez hel zitekeen, nik, ostera, autoa hartu behar nuen nahitaez, hiriaren bestaldean bizi bainintzen.

Aitor duela urte batzuk ezagutu nuen, nire kafetegira sartu zen batean. Beste mutil batekin sartu zen, liburu batez hitz egiten eta ni ere liburu bera irakurtzen nengoenez, elkarrizketan sartu nintzen, nire iritzia emanez. Nahiko jatorrak iruditu zitzaizkidan biak. Hurrengo egunean bazkaltzen gonbidatu ninduten. Ordutik aurrera, ia-ia egunero ikusten genuen elkar eta oso ondo ematen ginen hirurok. Handik hilabete batzuetara, Jon, hirugarren laguna, Alemaniara joan zen bizitzen, han lan hobea eskaintzen baitzioten eta honek Aitor eta nire arteko harremana estutu zuen, bere lagun mina galdu izan balu bezala sentitzen baitzuen.

Ikerketak batean lanean zebilen Aitor, minbiziaren aurkako sendagaien bila. Hain interesgarria iruditu zitzaidan non arratsaldeak berarekin igarotzen nituen laborategian sartuta eta nire mailakoak ziren lanetan laguntzen saiatzen nintzen, izan ere, nik ez daukat medikuntza arloan ideiarik ere. Bere garaian DBH juxtu-juxtu bukatzeko aukera bakarrik izan nuen.

Orduak eta orduak ematen genituen laborategi hartan sartuta. Ikerketan ez bazen, isildu gabe hitz egiten.

Behin, ni arratsaldeko bostak inguruan heldu nintzen laborategira eta bertan aurkitu nuen Aitor, irribarre zabal-zabal bat ahoan zuela. Ni, ez naiz ez medikua, ez biologoa eta, beraz, ez nituen hark esandako hitzak oso ondo ulertu eta ez dut azaltzeko ahalegina ere egingo, hitz zailetan, behintzat. Gutxi gorabehera, badagoela minbizia ahuldu dezakeen sendagairen bat, sendagai bat eta beste baten nahasketa arraroren batekin. Ni ere asko poztu nintzen berria entzutean, noraino zen garrantzitsua ondo ez nekien arren.

Goizaldeko hirurak ziren eta aulki deseroso batean eserita esnatu nintzen. Laborategian bertan hartu ninduen loak! Aitorrek bertan jarraitzen zuen lanean, lanparatxoa eta mikroskopioa aurrean zituela, koadernotxoan apunteak hartuz.

-Ze berandu den!-Esan nuen, etxera joateko aitzakia moduan.
-Joan zaitez zu, ni hemen geldituko naiz apur batean.
Nik banekien “apur batean” hori hurrengo goiza zela eta berriz ere etxera joateko iradokizuna egin nion.
-Ez dago presarik, horrek ere hor itxarongo dizut bihar, zoaz etxera.
-Zer?! Baina nor uste duzu zarela, zer egin behar dudan esateko? Aspertuta naukazu beti hemen plasta baten moduan inkordiatzen! Joan zaitez etxera eta utz nazazu hemen nire lanarekin bukatzen!
-Ongi.

Uste dut autoan sartu nintzen arte ez nituela berak esandako hitzak analizatu.Ez nuen horrelako erreakziorik espero. Nekatuta egongo zela eta ez zela esandakoaz ohartuko esan nion neure buruari ohean sartu eta loak hartu ahal izateko.

Hurrengo goizean bueltak eta bueltak eman nizkion gauean gertatutakoari. Aitorri, hitz haiek barru-barrutik atera zitzaizkion, beraz, egia izan beharko lukete. Eta argi utzi zidan dena: Ez zuen nitaz ezer gehiago jakin nahi. Baina harrigarria zen egunetik gauera izandako humore aldaketa, ba al zen posible? Gainera, hori al zen niri hitz egiteko modua? Eta gainera, barkamena eskatzeko ere ez zuen deitu! Hori bai aurpegia!

Lo gutxi egin nuenez, eguna nahiko nekagarria eta gogorra egin zitzaidan. Aitor, ni, bestea eta Aita Santuarekin ere haserretu nintzen egun hartan!

Egunak igaro ziren. Ez nengoen nire buruarekin gustura. Ikerketekin jarraitzeko gogoa nuen. Edo behintzat, hori sinestarazi nahi nion nire buruari. Barnean, banekien errudun sentitzen nintzela eta ezin nuela gehiago itxaron Aitorrekin hitz egiteko.

Buruari mila buelta eman ostean, laborategira joatea pentsatu nuen, bisita labur bat egiten. Atea jo nuen baina ez zegoen inor. Bai arraroa, pentsatu nuen. Mugikorrera dei egin nion baina “Apagado o fuera de cobertura” erantzun zidan betiko makinak. Kezkatzen hasia nengoen, Aitorrek beti baitzeraman telefonoa aldean. Telefono liburuxketan apur bat miatu ostean bere amaren telefonoa lortu nuen eta hark esan zidan non sartu zen: Ospitalean zegoen.

Noski! Nola ez nintzen ohartu, bada! Arrazoien bat edo beste egon behar zen sendagaiaren bila egiten zuen ahalegin guztiaren atzean. Bera zen minbizia zuena.

Ospitalera heldu nintzen ziztu bizian eta erizainekin apur batean borrokan egin ostean, lortu nuen bisitatzea. Asko sentitzen zuela ezer ez esatea kontatu zidan, negar batean. Ez zuela ni berataz arduratzerik nahi eta ikerketa utzi egingo zuela. Laborategia saldu egin zuen, hotzikarak ematen zizkiolako eta barruan zegoenean heriotza gertuago sumatzen omen zuelako. Nik, ostera, horren gaizki zegoen galdetu nion.

-Ez, biriketako minbizia daukat baina medikuek diote oraindik ez dagoela oso zabaldua, baina, hala ere, ez daukadala sendatzeko aukera. Uste dut ospitalea utziko dudala aste batean, gutxi gora behera.-Erantzun zidan berak.
-Lasai, nirekin bizitzera etor zaitezke, nik zainduko zintuzkedan.
-Benetan eskertzen dizut zure laguntza baina amarengana noa, berak ere pozik hartuko nau.
-Zerbait egin ahalko banu…
-Lasai, ondo dago, ahal izan duzuna egin duzu.

Kezkatuta joan nintzen etxera, betebeharrak egin izan ez banitu bezala. Planak, ordea, goitik behera aldatu ziren. Ospitaletik irten eta bi hilabetera ezkondu ginen eta elkarrekin bizi ginen. Aitorren bizitza ez zen luzeegia izan baina bizi izan zen aldia, pozik egoten lagundu nion. Uste dut hori zela niri egokitzen zitzaidan atala. Aitor joan osteko lehen hilabeteak nahiko txarto igaro nituen baina banekien gertatuko zela eta aurrera egin nuen. Laborategiko ikerketen berri ez nion inori eman, sendagai hartan pentsatzeak nolabait goibeldu egiten baininduen.