2009-12-14

Sendagai Bila

Honako hau egin dugun azken lana da, ipuin lehiaketa batera aurkezteko.

Erle batek ziztatu izan balio; jaiki ote zitekeen hain azkar? Zer bururatu ote zitzaion, ba, hari bat-batean?

-Badakit zer egin dezakegun!- Hau esan eta mila hitz ulergaitz bata bestearen atzetik esaten hasi zen.-Ulertu al duzu?-Bukatu zuen.

-Bai, beno… Uste dut nekatuegi nagoela orain honekin hasteko, bihar egingo dugu, bai? Beranduegi da orain pentsatzen hasteko…

-Tira, beharbada Arrazoia daukazu, uste dut ordu larregi eman ditugula laborategi honetan sartuta. Eta hau esanda, bakoitza norbere etxera joan zen. Aitor oinez hel zitekeen, nik, ostera, autoa hartu behar nuen nahitaez, hiriaren bestaldean bizi bainintzen.

Aitor duela urte batzuk ezagutu nuen, nire kafetegira sartu zen batean. Beste mutil batekin sartu zen, liburu batez hitz egiten eta ni ere liburu bera irakurtzen nengoenez, elkarrizketan sartu nintzen, nire iritzia emanez. Nahiko jatorrak iruditu zitzaizkidan biak. Hurrengo egunean bazkaltzen gonbidatu ninduten. Ordutik aurrera, ia-ia egunero ikusten genuen elkar eta oso ondo ematen ginen hirurok. Handik hilabete batzuetara, Jon, hirugarren laguna, Alemaniara joan zen bizitzen, han lan hobea eskaintzen baitzioten eta honek Aitor eta nire arteko harremana estutu zuen, bere lagun mina galdu izan balu bezala sentitzen baitzuen.

Ikerketak batean lanean zebilen Aitor, minbiziaren aurkako sendagaien bila. Hain interesgarria iruditu zitzaidan non arratsaldeak berarekin igarotzen nituen laborategian sartuta eta nire mailakoak ziren lanetan laguntzen saiatzen nintzen, izan ere, nik ez daukat medikuntza arloan ideiarik ere. Bere garaian DBH juxtu-juxtu bukatzeko aukera bakarrik izan nuen.

Orduak eta orduak ematen genituen laborategi hartan sartuta. Ikerketan ez bazen, isildu gabe hitz egiten.

Behin, ni arratsaldeko bostak inguruan heldu nintzen laborategira eta bertan aurkitu nuen Aitor, irribarre zabal-zabal bat ahoan zuela. Ni, ez naiz ez medikua, ez biologoa eta, beraz, ez nituen hark esandako hitzak oso ondo ulertu eta ez dut azaltzeko ahalegina ere egingo, hitz zailetan, behintzat. Gutxi gorabehera, badagoela minbizia ahuldu dezakeen sendagairen bat, sendagai bat eta beste baten nahasketa arraroren batekin. Ni ere asko poztu nintzen berria entzutean, noraino zen garrantzitsua ondo ez nekien arren.

Goizaldeko hirurak ziren eta aulki deseroso batean eserita esnatu nintzen. Laborategian bertan hartu ninduen loak! Aitorrek bertan jarraitzen zuen lanean, lanparatxoa eta mikroskopioa aurrean zituela, koadernotxoan apunteak hartuz.

-Ze berandu den!-Esan nuen, etxera joateko aitzakia moduan.
-Joan zaitez zu, ni hemen geldituko naiz apur batean.
Nik banekien “apur batean” hori hurrengo goiza zela eta berriz ere etxera joateko iradokizuna egin nion.
-Ez dago presarik, horrek ere hor itxarongo dizut bihar, zoaz etxera.
-Zer?! Baina nor uste duzu zarela, zer egin behar dudan esateko? Aspertuta naukazu beti hemen plasta baten moduan inkordiatzen! Joan zaitez etxera eta utz nazazu hemen nire lanarekin bukatzen!
-Ongi.

Uste dut autoan sartu nintzen arte ez nituela berak esandako hitzak analizatu.Ez nuen horrelako erreakziorik espero. Nekatuta egongo zela eta ez zela esandakoaz ohartuko esan nion neure buruari ohean sartu eta loak hartu ahal izateko.

Hurrengo goizean bueltak eta bueltak eman nizkion gauean gertatutakoari. Aitorri, hitz haiek barru-barrutik atera zitzaizkion, beraz, egia izan beharko lukete. Eta argi utzi zidan dena: Ez zuen nitaz ezer gehiago jakin nahi. Baina harrigarria zen egunetik gauera izandako humore aldaketa, ba al zen posible? Gainera, hori al zen niri hitz egiteko modua? Eta gainera, barkamena eskatzeko ere ez zuen deitu! Hori bai aurpegia!

Lo gutxi egin nuenez, eguna nahiko nekagarria eta gogorra egin zitzaidan. Aitor, ni, bestea eta Aita Santuarekin ere haserretu nintzen egun hartan!

Egunak igaro ziren. Ez nengoen nire buruarekin gustura. Ikerketekin jarraitzeko gogoa nuen. Edo behintzat, hori sinestarazi nahi nion nire buruari. Barnean, banekien errudun sentitzen nintzela eta ezin nuela gehiago itxaron Aitorrekin hitz egiteko.

Buruari mila buelta eman ostean, laborategira joatea pentsatu nuen, bisita labur bat egiten. Atea jo nuen baina ez zegoen inor. Bai arraroa, pentsatu nuen. Mugikorrera dei egin nion baina “Apagado o fuera de cobertura” erantzun zidan betiko makinak. Kezkatzen hasia nengoen, Aitorrek beti baitzeraman telefonoa aldean. Telefono liburuxketan apur bat miatu ostean bere amaren telefonoa lortu nuen eta hark esan zidan non sartu zen: Ospitalean zegoen.

Noski! Nola ez nintzen ohartu, bada! Arrazoien bat edo beste egon behar zen sendagaiaren bila egiten zuen ahalegin guztiaren atzean. Bera zen minbizia zuena.

Ospitalera heldu nintzen ziztu bizian eta erizainekin apur batean borrokan egin ostean, lortu nuen bisitatzea. Asko sentitzen zuela ezer ez esatea kontatu zidan, negar batean. Ez zuela ni berataz arduratzerik nahi eta ikerketa utzi egingo zuela. Laborategia saldu egin zuen, hotzikarak ematen zizkiolako eta barruan zegoenean heriotza gertuago sumatzen omen zuelako. Nik, ostera, horren gaizki zegoen galdetu nion.

-Ez, biriketako minbizia daukat baina medikuek diote oraindik ez dagoela oso zabaldua, baina, hala ere, ez daukadala sendatzeko aukera. Uste dut ospitalea utziko dudala aste batean, gutxi gora behera.-Erantzun zidan berak.
-Lasai, nirekin bizitzera etor zaitezke, nik zainduko zintuzkedan.
-Benetan eskertzen dizut zure laguntza baina amarengana noa, berak ere pozik hartuko nau.
-Zerbait egin ahalko banu…
-Lasai, ondo dago, ahal izan duzuna egin duzu.

Kezkatuta joan nintzen etxera, betebeharrak egin izan ez banitu bezala. Planak, ordea, goitik behera aldatu ziren. Ospitaletik irten eta bi hilabetera ezkondu ginen eta elkarrekin bizi ginen. Aitorren bizitza ez zen luzeegia izan baina bizi izan zen aldia, pozik egoten lagundu nion. Uste dut hori zela niri egokitzen zitzaidan atala. Aitor joan osteko lehen hilabeteak nahiko txarto igaro nituen baina banekien gertatuko zela eta aurrera egin nuen. Laborategiko ikerketen berri ez nion inori eman, sendagai hartan pentsatzeak nolabait goibeldu egiten baininduen.

No hay comentarios: