2009-12-14

Sendagai Bila

Honako hau egin dugun azken lana da, ipuin lehiaketa batera aurkezteko.

Erle batek ziztatu izan balio; jaiki ote zitekeen hain azkar? Zer bururatu ote zitzaion, ba, hari bat-batean?

-Badakit zer egin dezakegun!- Hau esan eta mila hitz ulergaitz bata bestearen atzetik esaten hasi zen.-Ulertu al duzu?-Bukatu zuen.

-Bai, beno… Uste dut nekatuegi nagoela orain honekin hasteko, bihar egingo dugu, bai? Beranduegi da orain pentsatzen hasteko…

-Tira, beharbada Arrazoia daukazu, uste dut ordu larregi eman ditugula laborategi honetan sartuta. Eta hau esanda, bakoitza norbere etxera joan zen. Aitor oinez hel zitekeen, nik, ostera, autoa hartu behar nuen nahitaez, hiriaren bestaldean bizi bainintzen.

Aitor duela urte batzuk ezagutu nuen, nire kafetegira sartu zen batean. Beste mutil batekin sartu zen, liburu batez hitz egiten eta ni ere liburu bera irakurtzen nengoenez, elkarrizketan sartu nintzen, nire iritzia emanez. Nahiko jatorrak iruditu zitzaizkidan biak. Hurrengo egunean bazkaltzen gonbidatu ninduten. Ordutik aurrera, ia-ia egunero ikusten genuen elkar eta oso ondo ematen ginen hirurok. Handik hilabete batzuetara, Jon, hirugarren laguna, Alemaniara joan zen bizitzen, han lan hobea eskaintzen baitzioten eta honek Aitor eta nire arteko harremana estutu zuen, bere lagun mina galdu izan balu bezala sentitzen baitzuen.

Ikerketak batean lanean zebilen Aitor, minbiziaren aurkako sendagaien bila. Hain interesgarria iruditu zitzaidan non arratsaldeak berarekin igarotzen nituen laborategian sartuta eta nire mailakoak ziren lanetan laguntzen saiatzen nintzen, izan ere, nik ez daukat medikuntza arloan ideiarik ere. Bere garaian DBH juxtu-juxtu bukatzeko aukera bakarrik izan nuen.

Orduak eta orduak ematen genituen laborategi hartan sartuta. Ikerketan ez bazen, isildu gabe hitz egiten.

Behin, ni arratsaldeko bostak inguruan heldu nintzen laborategira eta bertan aurkitu nuen Aitor, irribarre zabal-zabal bat ahoan zuela. Ni, ez naiz ez medikua, ez biologoa eta, beraz, ez nituen hark esandako hitzak oso ondo ulertu eta ez dut azaltzeko ahalegina ere egingo, hitz zailetan, behintzat. Gutxi gorabehera, badagoela minbizia ahuldu dezakeen sendagairen bat, sendagai bat eta beste baten nahasketa arraroren batekin. Ni ere asko poztu nintzen berria entzutean, noraino zen garrantzitsua ondo ez nekien arren.

Goizaldeko hirurak ziren eta aulki deseroso batean eserita esnatu nintzen. Laborategian bertan hartu ninduen loak! Aitorrek bertan jarraitzen zuen lanean, lanparatxoa eta mikroskopioa aurrean zituela, koadernotxoan apunteak hartuz.

-Ze berandu den!-Esan nuen, etxera joateko aitzakia moduan.
-Joan zaitez zu, ni hemen geldituko naiz apur batean.
Nik banekien “apur batean” hori hurrengo goiza zela eta berriz ere etxera joateko iradokizuna egin nion.
-Ez dago presarik, horrek ere hor itxarongo dizut bihar, zoaz etxera.
-Zer?! Baina nor uste duzu zarela, zer egin behar dudan esateko? Aspertuta naukazu beti hemen plasta baten moduan inkordiatzen! Joan zaitez etxera eta utz nazazu hemen nire lanarekin bukatzen!
-Ongi.

Uste dut autoan sartu nintzen arte ez nituela berak esandako hitzak analizatu.Ez nuen horrelako erreakziorik espero. Nekatuta egongo zela eta ez zela esandakoaz ohartuko esan nion neure buruari ohean sartu eta loak hartu ahal izateko.

Hurrengo goizean bueltak eta bueltak eman nizkion gauean gertatutakoari. Aitorri, hitz haiek barru-barrutik atera zitzaizkion, beraz, egia izan beharko lukete. Eta argi utzi zidan dena: Ez zuen nitaz ezer gehiago jakin nahi. Baina harrigarria zen egunetik gauera izandako humore aldaketa, ba al zen posible? Gainera, hori al zen niri hitz egiteko modua? Eta gainera, barkamena eskatzeko ere ez zuen deitu! Hori bai aurpegia!

Lo gutxi egin nuenez, eguna nahiko nekagarria eta gogorra egin zitzaidan. Aitor, ni, bestea eta Aita Santuarekin ere haserretu nintzen egun hartan!

Egunak igaro ziren. Ez nengoen nire buruarekin gustura. Ikerketekin jarraitzeko gogoa nuen. Edo behintzat, hori sinestarazi nahi nion nire buruari. Barnean, banekien errudun sentitzen nintzela eta ezin nuela gehiago itxaron Aitorrekin hitz egiteko.

Buruari mila buelta eman ostean, laborategira joatea pentsatu nuen, bisita labur bat egiten. Atea jo nuen baina ez zegoen inor. Bai arraroa, pentsatu nuen. Mugikorrera dei egin nion baina “Apagado o fuera de cobertura” erantzun zidan betiko makinak. Kezkatzen hasia nengoen, Aitorrek beti baitzeraman telefonoa aldean. Telefono liburuxketan apur bat miatu ostean bere amaren telefonoa lortu nuen eta hark esan zidan non sartu zen: Ospitalean zegoen.

Noski! Nola ez nintzen ohartu, bada! Arrazoien bat edo beste egon behar zen sendagaiaren bila egiten zuen ahalegin guztiaren atzean. Bera zen minbizia zuena.

Ospitalera heldu nintzen ziztu bizian eta erizainekin apur batean borrokan egin ostean, lortu nuen bisitatzea. Asko sentitzen zuela ezer ez esatea kontatu zidan, negar batean. Ez zuela ni berataz arduratzerik nahi eta ikerketa utzi egingo zuela. Laborategia saldu egin zuen, hotzikarak ematen zizkiolako eta barruan zegoenean heriotza gertuago sumatzen omen zuelako. Nik, ostera, horren gaizki zegoen galdetu nion.

-Ez, biriketako minbizia daukat baina medikuek diote oraindik ez dagoela oso zabaldua, baina, hala ere, ez daukadala sendatzeko aukera. Uste dut ospitalea utziko dudala aste batean, gutxi gora behera.-Erantzun zidan berak.
-Lasai, nirekin bizitzera etor zaitezke, nik zainduko zintuzkedan.
-Benetan eskertzen dizut zure laguntza baina amarengana noa, berak ere pozik hartuko nau.
-Zerbait egin ahalko banu…
-Lasai, ondo dago, ahal izan duzuna egin duzu.

Kezkatuta joan nintzen etxera, betebeharrak egin izan ez banitu bezala. Planak, ordea, goitik behera aldatu ziren. Ospitaletik irten eta bi hilabetera ezkondu ginen eta elkarrekin bizi ginen. Aitorren bizitza ez zen luzeegia izan baina bizi izan zen aldia, pozik egoten lagundu nion. Uste dut hori zela niri egokitzen zitzaidan atala. Aitor joan osteko lehen hilabeteak nahiko txarto igaro nituen baina banekien gertatuko zela eta aurrera egin nuen. Laborategiko ikerketen berri ez nion inori eman, sendagai hartan pentsatzeak nolabait goibeldu egiten baininduen.

A gripearen beldurra


A gripea dela eta ez dela izuturik dabil mundu guztia baina dirudienez ez da espero bezain gogorra izan. Gobernuak egindako prebentzioak onak izan ote dira edo hauek gabe ere gripe delako hori ekidin ahalko genuke?

Nik ez dut gaiaz ezer asko ulertzen baina medikuengandik entzuna dut egoera ez dela inoiz aipatu bezain larria izan, gure estatuan behintzat. Asko exageratu dela eta lasaitu beharra dagoela.

Ez dut adituen lana zalantzan jarri nahi baina diotena benetan egia balitz gau eta egun egongo ginteke irrati eta teleistetan honen berri izaten. Badirudi Agripearen efektua “modaz pasatu” dela.

Betiko gripea A gripea baino gogorrago eta mingarriagoa dela ere diote batzuk, azken batean, A gripeak kontagiatzeko arriskua da duen arazo larriena, airez eta erraztasun handiz transmititzen baita.

Beste alde batetik, ordea, gaia oso erakargarria izan da kazetarien munduan, jakin mina ere piztu digulako nonbait.

Nire ikuspuntutik, prebentzio gehiegi prestatu dira. Ez dut hori txarto dagoela esan nahi, baina bai izutu nahi gaituztela dirudiela. Denok gaude inoiz helduko ez den epidemia horren zain. Hilgarria eta oso larria dela egia izan daiteke baina hor daude sasoi betean milaka eta milaka pertsona, gaixotasun honen menpe egon ostean.

Irakurri dut datorren hilaren hamaseirako txertoak jartzen hasiko direla baina uste dut horrenbeste zer esan eta beldur sortu dituen birus hau urtearekin batera joanen dela.

2009-12-09

Beti Istorio Bera



Argi eta garbi trafikoaren kontua egunerokoa da. Gure hiriak kotxez, autobusez eta ibilgailuz beterik daude. Badirudi dagoeneko hor finkaturiko zerbait dela, bueltarik gabekoa. Jende askoren buruan ez da sartzen desagerrarazteko “boterea” gure esku dagoela.

Azken urteotan gero eta ugariagoa da trafikoa mundu osoan zehar aurki ditzakegun edozein hiri edo herritan. Hala eta guztiz ere herrialde aberatsek askoz ere gehiago kontsumitzen dute. Hor daude hori frogatzen duten datuak. Ibilgailu mugimendu hauek hiria bizi-bizi dagoela adierazten dute baina, ona al da hau?

Baina honen guztiaren gainetik hiritarren kexak daude. Trafikoa dela eta ez dela. Oinezkook kokoteraino gaude horrenbeste kotxe, kamioi eta autobusekin. Ez daukagu duela urte batzuk geneukan lasaitasuna kaleetatik ibiltzeko: horrenbeste trafikok sorrarazten duen zarataz gain, norberaren segurtasun falta ere nabaria da. Udaletxeek ere zerbait egin dezakete baina ez da aski. Hau hiritarrok konpondu beharreko arazoa da.

Nire ustez, trafikoa kontrolatu beharra dago, horrela hasten jarraituz gero guztiok erotu gaitezke zarata eta zikinkeria guzti horri esker. Kotxea gutxiago erabiltzen saiatu behar gara gu ere.

Kutsaduraren kontua ere gero eta kezkagarriagoa eta larriagoa da. Hirietako industriek nahikoa kutsatzen dute trafikoaren ke eta hondakinen laguntzarik gabe ere. Lurraren arazoak konpontzeko gai ez gara eta gainera txarrera egiten jarraitzen dugu.

Uste dut trafikoa hirietan geldiarazi edo murrizteko ordua heldu dela, zerbait egin behar dugu.