2009-05-15

Iparraldeko kontuak

Duela hilabete batzuk Iparraldean egon ginen, Ikabil programa zela eta.
Trukaketa programa bat da; abenduan neska-mutil frantsesak gure etxeetan egon ziren eta oraingoan gu joan gara Iparraldera.

Goizeko hamaikak inguruan Baionara heldu, bazkaldu, eta Ezpeletara abiatu ginen. Herri txiki bat da eta hori bisitatzeko astirik izan ez genuen arren, Antton txokolate fabrikara bisita bat egin genuen.
Hemen bukatu bezain laster, Donibane-Garazira joan ginen non aisialdi gehiago izan genuen. Nik uste nuen herri hori zertxobait handiagoa izango zela, behintzat, Zornotzaren parekoa. Baina ez, 1500 biztanle inguru dituen eta garrantzi historikoa duen herri txiki bat da. Erdigunea bost ate dituen harresi batez inguratuta dago eta bertan hainbat esposizio daude.
Arrastiko seietarako, ¬haientzako iluntzea ziurrenik, Baionan geunden eta bakoitza norbere trukakidearen etxera joateko ordua heldu zitzaigun. Nire trukakidea oso atsegina zen eta ni gustura egon nintzen berarekin, gutako gehienok bezala. Afaldu baino lehen kalera irteten ginen elkarrengandik gertu bizi ginen hiru-lau.

Hurrengo egunean guztiok elkartu ginen lizeoan eta gizon batek azaldu zizkigun sorgin istorioak. Bere euskara gurearekiko desberdina zenez, ez zen horren erraza ondo ulertzea. Hizlariak bukatu bezain laster bertso saio atsegin bat izan genuen lizeoan bertan. Bertsolariak beste lizeo batetik etorritako gure adineko lau mutil ziren. Emanaldiaren ostean Lizeoko kafetegian bazkaldu genuen, buffeta eta guzti zeukan, institutuko jantokiarekin konpara ezina zen. Arratsalde hura libre geneukan, nahi genuena egiteko. Lerraketan (patinatzen) joateko aukera izan genuen baina autobusekin ordutegi arazo txiki bat izan genuen eta ez zen posible izan. Hala eta guztiz ere, primeran egon ginen hondartzan ilundu zuen arte. Gehienok hondartzan bertan zegoen McDonald's batean afaldu genuen eta ordu pare bat egon ostean, etxera joan ginen.

Bigarren gaua igaro ostean berriro ere lizeoan elkartu ginen guztiok Bassilourreko errota eta Donibaneko baratze botanikoa bisitatzeko. Bassilourreko errotan ez ginen luzaroan egon, ez baitzen oso handia baina baratze botanikoan, aldiz, joko bat eta guzti egiteko astia izan genuen.
Ordu batak inguruan familiek txangorako prestaturiko bazkaria jan genuen eta arratsaldez Zugarramurdiko kobak ikusten joan ginen. Kobez gain, Euskal mitologia eta sorginei buruzko bitxikeriez beteta zegoen museo bat bisitatu genuen.
Gau horretan ere afari bat izan genuen, ofizialagoa, nolabait esatearren. Baionan zegoen txoko antzeko batera eraman gintuzten eta bertan jai bat prestatuta izan zuten.

Gero gauean berandu etxeratu ginen, baina hala eta guztiz ere, hurrengo goizean goiz jaiki ginen 8:30etan. Mirenek, Iparraldeko euskera irakasleak, emandako fitxak zuzendu genituen. Handik ordu batera Baionako museo bat ikusten joan ginen, bertako historia azaltzen zuena.
Azken jarduera bukatu eta gero berriz ere lizeora abiatu ginen bazkaltzen. Tripa bete ostean prest geunden aste osoan zehar izandako eguraldi ona atzean utzi eta berriro ere etxera bueltatzeko.


Ondo pasatzeaz gain eta lagun berriak egiteaz gain, bidaia hori euskara praktikan jartzeko izan dela gogoraraziko dut. Iparraldean hizkuntza horren erabilera baxua kontsideratuko nuke, zaila baita euskera kalean entzutea eta ikasterako orduan ere ez dela erraza aukera hori izatea. Ikastetxe gehienetan ez dute euskararik irakasten.

Hala ere gustatu zait esperientzia berri hori eta aukera izanez gero, gustatuko litzaidake datorren urtean errepikatzea.

2009-05-13

Gure azken egunak

Beno, hemen uzten dizuet "Ura, altxor preziatua" gaitzat hartuta lehiaketa baterako egindako idazlana. Espero dut zuen gustukoa izatea :)

Munduaren amaiera ote zen? Hala zirudien behintzat. Bagenekien inork ez zuela bizirik iraungo eta zientzialari guztiek buruan zerbait bazuten ere, ezinezkoa zen horien proiektuak martxan jartzea. Hain geurekoi bihurtu ginen, non bakoitza norbere buruaz eta familiaz bakarrik arduratzen ginen, gizarte bat salbatzeko nahiari uko eginez. Ordurarteko zibilizazio guztiak hautsa besterik ez ziren, gizartea desagertu egin zen. Ez genuen ahalmenik ordurarte bezala guztia kontrolatzeko, ez genuen ahalmenik. Geneukana suntsitu genuen. Zer etorriko zen hurrengo?

Etxeko ur instalazio guztiak suntsiturik zeuden, etxeak ez ziren etxe; dendak guztiz hutsik zeuden eta kaleetan zaila zen norbait aurkitzea aurpegi alaiez, irribarre egiteko gogoz. Arima guztiak nonbait ezkutatu ziren eta bizitza bizitzeko gogoa zuten haiek haien buruaz beste egin zuten. Industrian erabilitako gehiegizko urek, egunero alferrik galdutako litroek, lurraren tenperaturaren igoerak, gehiegizko kutsadurak eta beste hainbat faktorek, nola edo hala, uraren zikloa pausatu omen zuten eta ez dakit zehazki nola baina ura desagertuz joan zen. Errekek erreka izateari utzi zioten; Kontinenteek lurrak handiagotu zituzten, ozeanoen murrizketa izugarria zela eta. Hainbat eta hainbat animalia eta landare espezie desagertzen ari ziren aspaldi bukatu ez baziren. Lurraren min oihuak bukatzen ari ziren, hiltzear zegoen.

Batzuk ezin genuen sinetsi gertatzen ari zena, beste batzuek ez zuten sinetsi nahi: munduan uraren azken egunak ziren. Entzunak genituen: etxeko txorrotak ondo itxi behar dira; dutxa hartu, ez bainatu; eta ura alferrik ez galtzeko adierazten ziguten hainbat mezu gogaikarri. Baina ez ginen ohartzen zer geneukan eskuartean. Ordura arte soberan zegoen eta lurrari bizitza ematen zion balio gabeko substantzia hura urre bihurtu zen. Denok genbiltzan azken ur tantaren bila eta ez zuen axola beragatik ordaindu beharrekoak. Urak zuen garrantziaz ohartu ginen, jada berandu zen arren.


Fikziozko gertakizun hau edo antzeko zerbait benetan gertatuz gero, lurrean bizitza bukatuko litzateke. Guri esker, noski. Munduan dagoen uretik % 2’8 geza da eta %0’01 bakarrik dago gure beharrentzat. Aipatutako portzentaiaren gainerakoa %2’79, glaziarretan edo poloetan izoztuta dago edo nekazaritza ustiapenerako erabiltzen da. Ura aurrezteko ematen dizkiguten kontseiluak baliagarriak eta jarraitu beharrekoak zaizkigu.
Ez gara ohartzen ura behar bezala erabiltzen ez dakigula, gure kontsumoaz arduratu beharko ginateke. Hainbat eta hainbat litro ur galtzen dira egunero gure erruz eta horrela jarraituz gero, egoera txarrera bakarrik joango da. Urak duen balioaz eta jasan dezakegun egoera larriaz kontzientziatu behar gara.



Gure eskuetan dago. Ura gure altxor preziatua da.