2009-02-19

Bizitzan behin gertatzen denetakoa

Orduan korrika hasi zen, tximista bezain arin. Ez nukeen harrapatuko harrapatu nahi izan banu ere, hala ere korrika jarraitzen nuen beraren atzetik, momentu hartan korrika nenbiltzala ere ahaztu zitzaidan. Neure buruak beste zerbaiti buruz pentsatzera bultzarazten ninduen.

Esnatu eta beti bezala lanera joan nintzen, bertan kafetxoa hartu eta norbait nigatik galdezka agertu arte neure bulegoan lasai-lasai egon nintzen. Ez luzaro. 9ak baino lehen bazegoen mutil gazte bat atean ea objektu galduen tokira inork betaurrekorik eraman zuen jakin nahian. Ezetz erantzun nion eta beste barik, alde egin zuen.

Handik gutxira beste emakume bat sartu zen bertan, 35 urte izango zituen gutxi gora-behera, neure antzera. Ile gorri, luze eta kirruduna zeukan. Bere aurpegian zabal-zabalik begiratzen zidaten bi begi argi eta handi nabarmentzen ziren. Edonork etxean egoteko erabiliko zukeen txandal zahar bat zeraman soinean. Estu eta larri zetorren eta ni zer gertatzen zitzaion asmatu ezinean nenbilen. Jasandakoa azaldu zidan: Bere ama ohetik jausi omen zen eta ezin zen bere onera etorri. Biak bakarrik bizi zirenez, ez zuen jakin nora joan. Udaltzaingo ofizinaren gainean bizi zen eta atoan bildu nituen lauzpa-bost pertsona Josefi igogailurik gabeko erakineko 4. pisutik jaisteko.Nik bitartean ambulantziari deitu nion eta ospitalera laguntzea nahi al zuen galdetu nion ilegorriari. Berak baietz erantzun zidan.

Oso urduri zegoen eta nik arazorik gabe uler nezakeen hori baina hala eta guztiz ere jakin-mina piztu zitzaidan nire lantokitik hain gertu bizi zen emakume eder hura nor zen jakiteko. Maider zen bere izena eta berria zen herrian. Zuela bi hilabete bere mutilagunak utzi egin zuen eta bere bizimodua aldatzea erabaki zuen. Badirudi horregatik utzi zituela hiria eta bulego-lana alde batera. Beste barik hitz egiteari utzi genion eta erizainari galdezka hasi zitzaion Maider. Laster heldu ginen bertara eta ordu pare bat egon ginen zain itxaron gelan. Bakoitza aldizkari bat eskuan zuela, hau irakurri gabe burua bueltaka eta bueltaka bitartean ari zen.

Gu ohartu gabe, medikua etorri zitzaigun. Josefi pare bat egun ospitalean geratu beharko zela esan zuen, oraindik ez baitzeukaten argi arazo larririk bazuen edo ez. Hau guztia Maiderri pribatuan azaldu zion baina berak ospitaletik irten bezain laster kontatu zidan behin eta berriz nire laguntza eskertuz. Ezer egin ez nuela kontsideratzen nuen arren nire mugikor zenbakia eman nion besterik behar bazuen dei egin zekidakeela argi utziz. Atsegina iruditu zitzaidan bat-baten agertutako emakume hura.

15 minutu inguru igarotakoan heldu zen autobusa hartu eta etxera bueltatu ginen biok. Orduantxe pasatu zitzaidan burutik ni ospitalean nengoen artean munduak biraka jarraitu zuela. Nik lanean egon behar nuen ordu hartan, dagoeneko bi ordutik gora baineramatzan nire bulegotik kanpo. Hor hasi ziren ba arazoak. Ni kanpoan nintzela pare bat dei izan nituen, ez oso garrantzitsuak, hala eta guztiz ere, burukomina ematen zuten horietakoak. Ohartu baino lehen baziren eguerdiko ordu biak eta Mikel eta biok tabernara hurbildu ginen eguneroko menua jatera.

Lanera itzulitakoan “benetako” udaltzaingo lana egitea tokatu zitzaidan, haurrak izan garenean guztiok gogoko izan dugun lan hori: Isunak jarri, gaizkileak atxilotu, justizia babestu. Era honetan esanda badirudi dibertigarria izan daitekeela, eta bai, horrela da, baina lehen egunean besterik ez, gauza guztiak bezala. Kotxean bueltaka ibili ginen arratsalde guztian zehar. Iluntzean, ordea, 7ak aldera abisu bat jaso genuen. Bitxidendan lapurreta! Norbaitek lapurra ikusi zuen korrika neguko kale ilunak zeharkatzen eta Mikel gidari zela, bertara bideratu ginen. Egia zen guztia, bertan zegoen lapurra eta ezin nuen ulertu zergatik egin ote zuen hori, argi baitzegoen harrapatu egingo genuela.

Orduan korrika hasi zen, tximista bezain arin. Ez nukeen harrapatuko harrapatu nahi izan banu ere, hala ere korrika jarraitzen nuen beraren atzetik, momentu hartan korrika nenbiltzala ere ahaztu zitzaidan. Neure buruak beste zerbaiti buruz pentsatzera bultzarazten ninduen.

Berriro ere neurera etorrita nengoela, ohartu nintzen mutil gazte hark gure aurpegiaz barre besterik egin nahi ez zuela eta aurpegia estalita zeraman arren, ez zela zaila izango berak harrapatzea. Korrika egiteari utzi nion eta Mikelek autoaz ziztu bizian harrapatu zuen.

Dagoeneko ohean nengoela, Maiderrek berriz ere deituko ote zidan galdetu nion neure buruari. Besterik ez bazen bulegoan bisitatxoren bat izango nuen esperantza neukan. Gau hartan ederki egin nuen lo, nekatuta bainengoen izandako eguna eta gero. Hurrengo goizak ere ez zuen ezer berezirik ekarri berarekin, ostirala zirudien ostegun bat soilik zen, eta ni, jai izateko gogoa zuen langile gizagaixo bat.

Kafea hartu orduko telefonoak jo zuen, mugikorrak. Maider zen eta ni bere deiaren zain nengoen. Eskerrak deitu zidala, horrela izan ezean inork ezin izango ninduelako minutu bat bera ere jasan. Ospitalera joateko asmoa zuela azaldu zidan eta autorik ez zuela eta, ea bera eraman nezakeen. Onartu beharra daukat aitzakia nahikoa txarra zela, berak bazekielako autobusez nola heldu. Beste momentu batean bera ospitalera laguntzeko arazorik izango ez nuela erantzun nion baina ezin nuela berriz ere lanera goiz oso bat faltatu. Orduan berak, eskaeraz damututa balego bezala baxuago hitz eginez, barkatzeko eskatu zidan, uler zezakeela nire arazoa. Hau entzundakoan, batek daki zergatik, errudun sentitu nintzen eta arratsalde hartan joatea proposatu nion. Pozez onartu zuen.

Bazkaldu eta gero bulegorantz bueltan nindoala Maider aurkitu nuen atean zain, ospitalera joateko pozik eta apur bat urduri aldi berean. Suposatzen dut, niri ezer esan ez zidan arren medikuari dei egingo ziola bere ama nola zegon jakiteko. Ez ginen luzaro egon ospitalean: Medikuarekin batzartu, alde batetik bestera saltoka zebilen Josefi batu, paper pare bat sinatu eta baginen bueltan.

Ostirala ere heldu zen. Dagoeneko asteburu usaina zekarren. Neure buruari benetan neure ausardia noraino hel zitekeen erakusteko asmoz mugikorra hartu eta Maider larunbatean neurekin afaltzera gonbidatu nuen. Banekien erantzuna zein izango zen, baina neure sorpresarako, ez nuen asmatu. Gauzak ez ziren nik espero bezala joan. Ez zen etorri.

Zortzi egun igaro ziren, nire bulegoan nengoen eta atea jo zuten. Maider zegoen atean, oraingo honetan berak gonbidatu ninduen afaltzen. Esan zidanagatik, lehengoan ezin izan zen afaltzen etorri bere ama ospitaletik etorri berri zegoela-eta bakarrik utzi nahi ez zuelako. Primerako gaua izan zen hura.

Maider eta ni bikain moldatzen ginen eta handik hilabete batera elkar maite genuen. Ez zen denbora asko igaro bere amak utzi gintuen arte eta honek gure harremanak are gehiago estutu zituen.

Orain goizero altxatzen naiz, mahaia prestatzen dut, begi argidun ilegorri bat aurrean dudala gosaltzen dut, gure etxe berria herritik pixka bat urrun dagoela-eta autoz lanera hurbiltzen nau eta larunbat goizetan txango ederrak egiten ditugu.